XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

7.1.- KONTZEPTUA ETA OSAGAIAK

7.1.1.- KONTZEPTUA

Aurreko gaietan konputagailuaren egituraz eta konputagailu horrek egikaritzen dituen aginduez hitz egin da, baina programa bat egikaritzeko betebeharrak eta bideak ez ditugu aipatu.

Dakigunez, programa batek egikaritzeko, makina lengoaiara itzulita egon behar du, eta programa horren exekuzioan gerta daitezkeen etenak Memoria Nagusian sarturik maneiatu behar dira, ...

Eginkizun hauek (itzulpena, karga, maneiua) eta beste asko software bidez burutzen dira eta erabiltzaile guztiek programatu beharko lituzkete OINARRIZKO SOFTWAREA edo SISTEMA ERAGILEA deritzana ez balego.

Beraz, oinarrizko softwarerik gabe erabiltzaileak bere beharrak ebazten dituzten programak egiteaz gain, konputagailuaren funtzionamendurako eginkizun asko programatu beharko lituzke, konputagailuaren explotazioa oso zaila eta garestia gertatuz.

Hori dela eta, konputagailuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren programak erabiltzaile guztientzako behin bakarrik programatzen dira, oinarrizko softwarea osatzen duten programa hauek konputagailuarekin batera saltzen direlarik.

Esandakoaren arabera oinarrizko softwarea edo sistema eragilea horrela defini daiteke: Konputagailuaren efektibotasuna handiagotuz haren programazioa eta operazioa errazten duten programa- eta errutina-multzoak oinarrizko softwarea osatzen du.

Oinarrizko softwarea osatzen duten programak makina-lengoaiaz idatzirik eta EGOILIAR izeneko euskarri batean (disko magnetikoan jeneralean) gordeta daude.

Hasiera batean oso sinpleak baziren ere, gaur egun oso sofistikatuak dira, gero eta laguntza gehiago eskaintzen dutelarik.

Beste ikuspegi batetik, konputagailu batean dauden programa guztiak ondoko hiru motatakoak izan daitezke:

- Oinarrizko softwarea.- Erabiltzaile guztiek behar dituzten programek osatzen dute, konputagailuarekin batera erosten delarik.

Beraz, ez du erabiltzaileak programatzen.

- Aplikazio-programak.- Erabiltzaile bakoitzak programatu egiten ditu, zeren eta bere behar zehatzak ebazteko programak bait dira.

- Paketeak.- Erabiltzaile multzo baten beharrei erantzuten dien programa-multzo batek pakete bat osatzen du.

Software garapenerako enpresek egiten dituzte gehienetan, kontabilitaterako paketeak, produkziorakoak, estadistiketarakoak eta egituraren kalkulurakoak oso arruntak direlarik.